2009-10-11
Arkaitz Mendoza.
Piano jotzailea
Duo Assai izango da gaur Irunen. Musika emanaldia eskainiko dute, baina berezitasun batekin: XIX. mendeko emakume musikagileen konposizioak interpretatuko dituzte, besteak beste.
«XX. mende hasierako emakume musikagileak iraultzaileak izan ziren»
Aizpea Amas.
Donostia
Duela bizpahiru urte elkartu zen bikotea: piano jotzailea bat, Arkaitz Mendoza, eta biolinista bat, Iñaki Lagos. Biek osatu zuten Duo Assai, baina bikote berezia izan nahi zuen, besteek jotzen ez dituzten abestiak interpretatuko zituena. Halaxe sortu zen emakume musikarien piezak jotzeko ideia, eta horretan dihardute. Gaur, 20:00etan, erakutsiko dute Irungo Amaia kultur etxean.

Zer joko duzue gaur Irunen?

Kontzertuaren lehen zatia nahiko ezaguna izango da piano eta biolin musikan: Beethovenen Udaberri sonata. Kontzertuaren bigarren zatia emakume musikagileen ingurukoa izango da. Alegia, normalean auditoriumetan entzuten ez den musika izango da: Clara Shumann, Robert Shuman musikagilearen emaztea, eta haren hiru erromantza. Eta, ondoren, Lili Boulanger. Amaitzeko, euskal musika: Jesus Guridiren bi bozeto joko ditugu, eta Fernando Remacharen suite-a. Bigarren zati horretan, emakume musikariei omenaldi bat egin nahi izan diegu.

Orduan nazioarteko musika eta hemengoa tartekatuko duzue.

Hori da. Kanpoko musikan, gainera, betiko autoreak jo beharrean hausnarketa bat egin dugu: musikagile gehinak gizonezkoak direla baina emakumeen artean ere badagoela musika interesgarria. Bis moduan beste obratxo bat egingo dugu, Amy Beach amerikarrarena.

Zergatik aukeratu dituzue emakume musikagileak, eta, hain justu, XIX. mendekoak?

Beti Brahmsen sonatak eta antzekoak interpretatzen dira, eta nahi genuen zerbait berezia egin. Berak [Iñaki Lagos] ezagutzen zuen Bilbo aldean bizi diren euskal musikari eta emakumeen elkarte bat. Eta Emakumeen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, eman genuen gure lehenengo kontzertua, dena emakumeen ingurukoa: gaur egungoetatik hasi eta XIX. mendeko emakumeak arte: Clara Shumann, Lili Boulanger, Amy Beach...

XIX. mendean emakumeek gizonen itzalpean egingo zuten lana...

Bai. Batez ere Clara Shumannen adibidea oso garbia izan da. Askotan zalantza egiten da Robert Shumannen obra asko ez diren Clara Shumannenak. Esan beharra dago Clara Shumann oso piano jotzaile ona zela, eta Robert Shumannek obra asko idatzi zizkiola. Clara Shumannek berak moldatzen zituen, eta batzuetan zuzenketak ere egiten zizkion senarrari.

Asko ziren emakume musikagileak?

Ezagunenak aipatutakoak dira, baita Fanny Mendelson ere, Felix Mendelsonen arreba zena. Lili Boulangerren istorioa ere berezia da. 20 urterekin hil zen, gaixo zegoela, baina 20 urtetan gauza asko idatzi zituen. Parisko kontserbatorioan irakasle izan zen, XX. mende hasieran Parisko instituzio batean, eta irakasle... Emakume iraultzaileak izan ziren pixka bat.

Zer moduzkoa da horien lana?

Biolinerako eta pianorako lan gutxi egin dituzte, eta gaur joko ditugunak izango dira dauden bakarrenetakoak. Pieza txikiak gehiago idatzi dituzte. Sinfonia handiak ez dituzte idatzi, hain matxista zen gizarte horretan sinfonia bat egitea agian gehiegizkoa zelako.